Energia-kalkulagailua: etxebizitzan aurrezten laguntzen dizun doako tresna

05/03/2021

Energia Efizientziaren Munduko Eguna martxoaren 5ean ospatu zen. Egun hori dela eta, Espainiako Arkitektura Teknikoaren Kontseilu Nagusiak (CGATE) Energia Kalkulagailua merkataratu du. Kalkulagailu hori, gure etxebizitzaren etiketa energetikoaren letren esanahia termino ekonomikoetan islatzeko tresna berria da. 2013tik aurrera, dokumentu hori nahitaezkoa da etxebizitza edo lokal bat saldu edo alokatzeko, eta A letratik (efizienteena) G letrara (ez hain efizientea) doan sailkapen energetikoa ezartzen du.

Kalkulagailu hori online eta doakoa da, eta aukera ematen du oinarrizko kontsumoen kostuak (berokuntza, klimatizazioa eta ur bero sanitarioa) zein diren jakiteko. Horrezaz gain, birgaitze adimentsu bat egiinez gero, zer aurrezpen lor daitekeen adierazten du.

Horretarako, herritarrak bere ziurtagiri energetikoan agertzen diren hiru parametroak sartu behar ditu, eta kalkulagailuak automatikoki ematen ditu energia primarioaren kontsumoaren datuak urteko eurotan. Horrela, ziurtagiria dokumentu erabat baliagarria bihurtzen da herritarrak etxebizitza erosteko edo alokatzeko erabakia hartu behar duenerako.

CGATEko presidente Alfredo Sanzen ustetan, ""tresna hau oso lagungarria izango da gure etxebizitzen egoera energetikoa zein den jakiteko, eta "ezkutuko hipotekaren" edo gure etxeek urtean duten energia-kostuaren aurrean zer egin jakiteko. Izan ere, gure etxeko egoera energetikoak gure konfort termikoarekin eta osasunarekin du zerikusia".

CGATErako GAD3 enpresak egindako inkesta baten arabera, herritarren % 50ek soilik adierazi du eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria ezagutzen duela. Sanzek honakoa gogorarazi du: "erabiltzaileak jakin behar du bere etxebizitzaren letra zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa izango dela kontsumoa, gastua eta C0² igorpenak atmosferara". Horregatik, kontsumo hori testuinguruan jartzeko, Kalkulagailu Energetikoak ere konparaketa egiteko balio du, eta etxeko letraren arabera batez besteko kontsumoa zein den adieraziko du. Era berean, etxebizitza A edo B izango balitz aurreztuko litzatekeen dirua ezagutzeko aukera ematen du, eta egoera guztietan batez besteko gastua alderatzen du.

Arkitekto teknikoen iritziz, lehentasunezkoa da Ziurtagiriak ematen dituen datuak ulergarriak izatea, higiezinen parkearen egoera efizientea ez dela ikusarazteko eta eraikinak energia-efizientziako irizpideekin birgaitzeko premia larria dagoela agerian uzteko. Juan Lopez-Asiain CGATEko Kabinete Teknikoko arduradunaren arabera, energia-birgaiketa bat egitearen helburu nagusia ahalik eta energia-kantitate txikiena kontsumitzea da, eta, lehen urratsa eraikinaren inguratzailea hobetzea izango litzateke, eta ondoren instalazioetan esku hartu eta energia alternatiboak sartu.

Iturria: idealista.com